Lekuko Hirigintza Planoa(LHP)ren aurkezpen bilkura

2019-3-28

Otsailaren 15an EHHEak (Euskal Herriko Hirigune Elkargoak) eta herriak antolatzen zuten LHPren aurkezpen arauzkoa.

Itsasuar anitzek parte hartu du bilkura honetan, baina frango ere nahigabetuak izan dira haren edukia ikusirik.

Izan ere, Auzapezak eta EHHEko lehendakari ordeak hastapeneko politeziak trukatu ondotik, hiru laurdenez Escoffier Andereak, izen bera duen kabineteko ordezkariak, aurkeztu ditu dokumentua gauzatzeko segitu diren printzipio handiak (hau jada egina zuelarik 2015eko abenduko bilkura publikoan). Badu zazpi urte herriak gure LHP berritzea erabaki duela eta Escoffier Andereak ongi azpimarratu du epe luze hau lotua zela bai arautegi aldaketei eta bai EHHEaren sortzeari. Erran gabe doa ez duela autokritika izpirik egin eta barkamenik ez duela batere galdatu, harek duelarik hein batean egoera hau ondorioztatu, bere seriostasun eta zehaztasun eskasez eta bere ausentzia eta beranta parrastarekin, hainbat alditan ohartarazi dugun bezala funtsean (izan herriko kontseiluetan edo publikatu ditugun artikulu desberdinetan, gure aldizkari eta www.itsasuherriabai.com internet gunean).

Ondotik proposatua den gune zatiketaren parte bat aurkeztu du, proiektatu dituen dokumentuetan, zeinak bakarrik lehen lerrokoentzat ziren ikusgarri eta ulergarri...

Zergatik ba herriko etxeak ez ditu dokumentu horien ale gehiago afitxatu gelan, etortzeko indarra egin duten herritarrak ongi ohartzeko gisan gune zatiketa honen xehetasun guziez ? Erantzuna galderan berean ditaike...

Escoffier Andereak hainbesterainoko denbora iragan du hiru EPNak (Egokitze Programatu Norabideak) esplikatzen, 85 egoitzen eraikuntza daramatenak, non batzuk ulertu zuten EPN horien eremuetan bakarrik eraikitzen ahalko zela ! Xehetasun ttipi bat, ez hark eta ez herriko maioritateko hautetsiek ez dute erran, Panekau EPNa, proposatua den baldintzetan, garbitze kolektiborik gabe, segur aski Estatuko zerbitzuek edo haiei lotu pertsonek dudan emanen dutela. Oroitaraz dezagun kontu hau aurkeztua izan zitzaiola herriko hirigintza komisioari... orduan zendako itsasuarreri gordetu ?

Operazio honen jomuga azkenean urbanizazioaren luzatzea da herriko eremuen parte horretan.

Galdera eta oharrak etorri ziren orduan.

 

Batzuk ohartarazi zuten euskara ez zela batere erabilia izan ez bilkura denboran eta ez bilkuraren iragartzeko. Hau harrigarri eta kontraesankorra da herriko zein EHHEaren engaiamenduei begira.

Galdera eta ohar batzu etorri ziren lursailen sailkapen aldaketa batzuri buruz, laborantza lurren eremuak artifizialki handiarazteko eginak direlarik aldaketa hauek (pixka bat

Kanbo herrian egina izan den bezala). Galderak pausatu ziren laborariek bizitzeko eraikinak altxatzeko posibilitateari buruz, aitzineko urteetan eginak izan ziren eskaeren aitzinamenduari buruz, biztanleriaren emendatze kopuruei buruz, azken denboretan onartu diren eraikitzeko baimen kopuruari buruz, aktibitate ekonomikoentzat atxikiko diren terreno eza, etab...

Erantzunak urriak izan dira, edo ez zuten deus ikustekorik galderekin ; Escoffier Andereak zuen erantzuten bainan eskas zitzaizkion elementu batzu, batez ere xifreak, eta « beharbada ? » bezalako erantzun originalak ere eman ditu. Herriko gehiengoko hautetsiei doakienez, haiek direlarik LHP proiektu honen eramaile, haien isiltasuna izan zen harrigarriena... bihi bat ez zen gai izan, hauen artean gure Auzapeza, datuak emateko, azaltzeko, konbentzitzeko, pasatzen zena bost axola balitzaie bezala... Eta lerroen artean irakurtzen ikasia baitugu, ongi ohartu gira hautetsi batzuen narda eta fite bukatzeko nahikeriaz !

Itsasuarrak, LHPrekin jokoan dena, gure etorkizunaren parte bat da, horregatik gomitatzen zaituztegu dokumentu guzien ikustera joatera : aurkezpen dokumentua, gunetan zatitzea, gunetze arautegia, etab... Honela elementu guziak ezagutuz gogoetatzen ahalko duzue eta zerbait egiten ahalko, inkesta publikoan parte hartu eta zuen ikuspuntuak jakinarazi. Normalki dokumentu hauek guziak aurkitzen ahalko dituzue herriko www.itxassou.fr webgunean eta www.communaute-paysbasque.fr EHHEkoan.

Auzapezak segurki eginen eta kaleratuko duen bilkura horren bilanaren beha gaude.

Eta nehork ez dezala ahantz, LHPren moldaketa ez da eskaera pertsonalen erantzuna (honelakoak tratatzekoak badira ere) baizik eta Itsasuko geroa zizelkatuko duten urbanismo norabideen gauzatzea, erran nahi baita zuen, zuen herrikideen eta ondoko belaunaldietakoen geroa marraztuko duela. Zoritxarrez ez du iduri beti hau dutela gogoan gure hautetsi eta itsasuar batzuk.

Please reload

October 24, 2019

August 20, 2019

Please reload

Articles récents
Please reload

  • Facebook Classic
  • Twitter Classic
  • Google Classic