Nola biziaraz dezakegu gure herria Euskaratik ta Euskaraz?

2014-3-14

Asteazken arats huntako Itsasuko gogoeta taldearen biltzarrean ez naiz egoiten ahal. Orainarteko bilkura idekietan bezala interesatzen nau bizkitartean gaurko gaiak, herrigintza eta lurraren kudeaketa bezala baitezpadakoa baita gure etorkizunerako euskara. Nola atxik edo zabal edo sar egun guzietako urratsetan euskara, etxeko ala laneko harat huntatetan, baitaere herriaren bizia egiten duten urrats guzietan? Garrantzizko galdea dela aitortu behar dugu, eta eskola ikastoletan bezala, jendartearen harremanetan modan eta modernitatean sartzen den lenguaia bilaka dezakegu. Baina “nola egin” galdeari ihardetsi aintzin nago beste galdera bati ez dugunez lehenik ihardetsi behar. Urrats sendoa eta iraunkorra emaiteko gure hizkuntzaren alde, nikuste argitu behar dugula “zergatik” behar eta nahi dugun euskara dakitenek erabil dezaten eta ikas dezaten ez dakitenek. Nundik heldu den euskara, zilatzea eta barnatzea interesgarri eta gustagarri balin bada, guri berehala inporta zaigu “nora doan” euskara, edo “nora nahi dugu” joanarazi, gure bakarlan eta herrilan guziak gabe, bereber utziz inguruko hizkuntzen menpe, ez bait doa “nehora”. Gogoeta eta eztabaida luzeak egin litezke, nundik, nora, zergatik eta nola galde hauen inguruan. Eta otoz ibilki nintzela galde hauk buruan talastaka , irratian kasualitatez entzun ditut Xalbador artzain bertsulariaren hitzak. Herria eta hizkuntza. Nikuste bertsu hauek laburbiltzen ahal dutela gure etxek, auzoek, herriek eta Euskal Herri guziak oraino bizi dituen drama eta amentsa: herria da gorputza, hizkuntza da bihotza! Izaite bat ez daike hezur hutses osa. Hizkuntza ta Herria berex ez doatzi! Bera utziz, galduz joanen zen euskara. Aldiz, bakotxaren nahikeriaz eta euskaldunen lanaz eta antolakuntzaz berpizten eta indartzen dugu gure hizkuntza, elkartzen gaituela Herri berri, zazpi probintzietako herritar guziekin! Anai-arrebak, entzun ene aho-otsa: izaite bat ez daike hezur hutsez osa; herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza. Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi bertzek euskera maite, herria gaitzetsi; hizkuntza ta herria berex ez doatzi, berek nahi daukute konpreniarazi bata bertzea gabe ez daizkela bizi. Iragan egun batez, Ostatu batean, bi lagun ari ziren ez ta bai betean; biak ziren euskaldun zintzoak ustean, halere ezin adi elgarren artean; entzuten egona naiz umore tristean. Ez dut osorik hartu baten parabola, erderaz mintzo baitzen, berak jakin nola: gure herri maiteaz zuela axola, hau, bere gain beharra, bertzen men dagola, "Gora Euskal Herria" , frantsesez ziola. Bertzea oldartu zen euskara garbian: "Gure hizkuntza ez da galduko agian! Hori dugu berexik guk Euskal Herrian, Gainerakotan gaude bertzen negurrian; frantses eginak gira joan den aspaldian!" Bi gizon horietan, zugaitz onekoa batek ondoa zuen, bertzeak ostoa; gauza arraro hori ez dut gustokoa, mendian bizi arren, dut ikustekoa gaztainaren aldaxkez janzirik pagoa. Bat herria goratzen arrotz baten gisa, arrotz nahiak berriz herriaren hitza; gureak ja egin du, gaiten garbi mintza, lainopean bezala galduak gabiltza ez daizke bi nagusi batean zerbitza! Elgarri direlakotz bi gizon jazarri, gauza bat bera dute bi pusketan zarri; erakatsi nahi dut nik puskak elgarri, gure hizkuntza eta gure Euskal Herri Konparatzen baititut izaite bateri. Anai-arrebak entzun ene ahotsa: izaite bat ez daike hezur utsez osa; herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik bereixtean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hilotza. Batzu herriaz orroit, euskaraz ahantzi bertzek euskara maite, herria gaitzetsi; hikuntza ta herria berex ez doatzi, berek nahi daukute konpreniarazi bata bertzea gabe ez daizkela bizi.

 

Please reload

October 24, 2019

August 20, 2019

Please reload

Articles récents
Please reload

  • Facebook Classic
  • Twitter Classic
  • Google Classic